Pueblos
Senda India
MAPUTXEAK: TXILEK ZIGORTUTAKO BORROKA | MAPUTXEAK: TXILEK ZIGORTUTAKO BORROKA |
|
|
|
| Escrito por Alvaro Hilario (Berria egunkarirako) | |
| miércoles, 06 de junio de 2007 | |
|
XIX. mendearen bigarren zatian, Txilen eta Argentinan garatutako kanpaina militarraren ondorioz, maputxeek lurren gaineko kontrola galdu zuten. 31 milioi hektareak osatutako lurraldea milioi erdi hektareara murriztu zen. Lurrak bereganatu zituzten latifundistei basoak ustiatzen dituzten enpresak, paper fabrikak, meatzaritza elkarteak eta hidroelektrikoak gehitu zaizkie azken urteetan. Abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritutako ohiko bizimoduari eusteko behar zituzten lurrak galduta, pobretuta geratu ziren maputxeak. Egun, milioi bat bizi dira Txilen, eta horietatik %32 miseria gorrian daude. Denbora tarte horretan, maputxeen aldarrikapenei gobernuek emandako erantzun bakarra errepresioa izan da. Poliziak setiatutako Temu Kui Kuiko lonko edo buruzagi Juan Katrillanka etsipenez mintzo da: «Horrela bueltatzen digu Gobernu sozialistak diktaduraren kontra egiteko emandako laguntza». Lurrak berreskuratzea, xede Ez alferrik, maputxeak bizi diren VIII. eta IX. eskualdeetan -Bio Bio eta Araukania- ekonomiarentzat estrategikoak diren baliabideak daude. Estatuak maputxeentzat erositako lurrak, baina, gutxi dira, eta maputxeen garapena bermatzera zuzendutako planek haiek sakabanatzeko eta erresisten- tzia apaltzeko baino ez dute balio izan. 1997an, lurrak berreskuratzeko gatazkan zeuden hainbat komunitatek AMK sortu zuten. Iban Llankileo da AMK-ko burua, eta ihes eginda dago. Lleu Lleu lakuko Juana Millahual komunitateak berreskuratutako lurretan mintzo da: «Aurreko bideak agortuta, hainbat komunitatetakook elkartu ginen, maputxeen herria berreraikitzeko ildo politikoa garatzeko». Llankileoren arabera, proiektu berria sortu zuten arte, lur batzuk berreskuratzea zen maputxeen xede bakarra. «Lurraldea berreskuratu nahi dugu: herria berreraikitzeko, ezinbestekoa da antzinako praktikak suspertzeko lurraldea eskuratzea. Bat egiten dugu Ama Lurrarekin. Ez da gure buruaren aldeko borroka hutsa, bizirik dagoenaren aldeko borroka baizik». AMK jaio zenetik berreskuratu dituzten 18.000 hektareetako batzuk dira hauek. Baina 4.300 hektarea dituen laku honen inguruko lurren %60 Forestal Minincoren esku daude oraindik. «Mininco etsai indartsua da. Baina are indartsuagoa da meatzaria», dio Llankileok. Burdina, eskandioa eta uranioa daude lur hauetan. Kutsatuta ez dagoen Hego Amerikako laku bakarra arriskuan dago. Inguruetan militarrek bost base dituzte. «Estatuak zapaldu egiten gaitu. Kezkatuta gaude, gure borroka hasierako mugetatik irten delako». Poliziarena eta Justiziarena errepresioaren aurpegirik ezagunenak badira ere, ez dira bakarrak. Asko dira, tokian tokiko ikerketak egin eta gero, pinudiak babesteko Garapenerako Banku Interamerikarrak diruz lagundutako egitasmoak (propaganda, ikastaroak, negozio txikiak jartzeko maileguak). Helburu berak dituzte Minincok eta latifundistek ustez sortutako talde paramilitarrek ere. «Terroristatzat jotzen gaituzte, baina geu kriminalizatzeko saioak dira. Jende arrunta gara, gure lurrak defenditzen ditugun nekazariak. Borrokan dauden herri guztiei terrorista esaten diete». Setioa eta mehatxuak Temu Kui Kuiko komunitateak 1.900 hektarea berreskuratu ditu azken urteetan. Asko Rene Urban latifundistaren esku zeuden. Egun, Poliziak inguratuta dago. Karabineroen gaueko agerraldiak eta mehatxuak etengabeak dira. Komunitatea izututa dago. «Zergatik horrenbesteko gorrotoa?», galdetu du Katrillanka lonko-ak. «Karabineroek txakurrak bagina bezala tratatzen gaituzte, gure lurrak eskatzeagatik eta libre bizi nahi dugulako». Jorge Huanchullan komunitateko werken edo bozeramailea da, bost alditan auzipetu dute: «Urbanek bere lurretan izandako lau sute piztea leporatu zidan. Libre atera nintzen, gezurra zela frogatzea lortu nuelako. Baina beste bost kide auzipetuta daude oraindik, eta beste batzuk ezkutatuta daude. Espetxearen beldur gara». Hogei maputxe daude preso, eta beste asko klandestinitatera behartuta daude. Urteetan erabili du Gobernuak «terrorismoa» aitzakiatzat. AMK legez kanpoko taldea da. Taldekidea izatea, berriz, delitua. Michelle Bachelet presidente sozialistaren gobernuak, baina, jarrera aldatu du: epaiketek aurrera jarraitzen dute, baina orain «ekintza terroristak» egiten dituztelako dira «terroristak», ez maputxeak direlako. Dena dela, AMK-k salatzen duenez, epaiketa guztiak «muntaia hutsa» dira. Gehienetan, Poliziak irakatsitako aurpegirik gabeko lekukoen testigantzak edota torturapean lortutako aitormenak aski dira erruduntasuna frogatzeko. Jose Llankileo Ibanen anaia da. Preso dago, Angoleko espetxean. Bost urte eta egun bateko zigorra ezarri zioten, «ekintza terrorista» batean parte hartzeagatik. 2002ko abenduaren 14an, «talde terrorista bateko kideak» izateaz akusatuta, bera eta Angelica Ñankupil emaztea atxilotu zituzten. Aurreko egunean, Jose Llankileori elkarrizketa bat egiteko aitzakiarekin El Mercurio-ko kazetari Francisco Palmari eman zizkioten eta AMKren ustezko organigrama zeukaten diskete bi izan ziren haien kontrako frogak. Angolen dago Hector Llaitul otsailean atxilotutakoa ere. Salaketa torturari esker lortutako aitorpenean oinarritzen da. Paramilitarrek Roberto Painemil atzeman eta torturatu egin zuten, Llaitulen kontra aritzeko. Salaketa Eguzkitsua da eguna Angoleko espetxean. Alboan jarrita, Jose Huanchunao daukat, Txileko prentsak Koordinakundeko lidertzat hartzen duena. Lau urte ihesean egin eta gero, pasa den martxoan espetxeratu zuten. Llankileok ez bezala, Huanchunaok hamar urteko zigorra bete behar du. Premiazkoena zer den galdetuta: «Atzerrian hemen gertatzen ari dena ezagutaraztea da garrantzitsuena. Txileko Gobernuak eta hedabideek kriminalizatu egiten gaituzte. Isilarazi nahi gaituzte. Denek batera jotzea ez da kasualitatea. Hedabideak kontrolatzen dituzten taldeek eta Gobernuak helburu berak dituzte». Halaxe esan zuen egun bat lehenago Lleu Lleuko biztanle batek, Marcelak: «Lurra zein garrantzitsua den pentsatzen dugunean, pairatzen dugun errepresioa onartzen dugu, merezi duela pentsatuz. Ez nuke ulertuko bere burua maputxetzat hartzen duen batek lurragatik borrokatzeko beharra sentituko ez balu». |
| < Anterior | Siguiente > |
|---|
Recibirás un Boletín con nuestras recomendaciones.