¿Recuperar clave? ¿Quiere registrarse? Regístrese aquí
  • Narrow screen resolution
  • Wide screen resolution
  • Auto width resolution
  • Increase font size
  • Decrease font size
  • Default font size
  • default color
  • red color
  • green color
Eutsi - Pagina de izquierda Antiautoritaria
sábado
11. oct 2008
Inicio arrow Pueblos arrow Palestina arrow PALESTINAKO KRONIKAK 8/ ISLAMISTEN ESANAK ETA KONTRAESANAK
PALESTINAKO KRONIKAK 8/ ISLAMISTEN ESANAK ETA KONTRAESANAK PDF Imprimir E-Mail
Escrito por Koldo Sagasti – Komite Internazionalistak   
sábado, 04 de agosto de 2007
Jenin-etik Ramallah-rako bidaia ez da horren luzea kilometroei dagokionez, okupaziopean, ordea, infernu bilakatzen da. Arratsaldeko bostak inguru dira eta eguzkiak gogor jotzen du. Sargoriak jasanezin bihurtzen du sherut barruko giroa. Sherutak hamar lagunentzako egokitutako furgonetak dira, gehienetan estilo krutre samarreko apaingarriez hornituta. Zortzi bidaiariok saltoka hasi gara, furgoneta gaizki asfaltatutako West Bank-eko errepideetan abiadura hartu ahala. Lehiatilak itxita daramatzagu taxiak eragiten duen hauts hodei barruan ez itotzearren. Hori guztia gutxi balitz nire ahalegin guztiak esfinterren kontrolari eustera bideratu behar ditut. Palestinako ohiko beherakoaren biktima izan gara Euskal Herriko Komite Internazionalistetako brigadakide asko. Urarena arazo larria ohi da lur idor hauetan, izan ere, kolonoek ur iturrien kontrola bereganatu ohi dute, palestinarrentzat ur kopuru eskasa eta kalitate higieniko kaxkarrekoa utzita.

Palestinarrek urteko eta pertsonako 33 m3 ur kontsumitzen dute; kolono israeldarrek, berriz, urteko eta pertsonako 1450m3 ur. Amebak eta hesteetako arazoak, beraz, oso hedatuta daude, batez ere, haurren artean. Oraingo honetan gu ere izan gara kalketuak.

Berriro geldiarazi gaituzte beste check point batean. Bidean topatu dugun seigarren kontrol militarra da. Hamarnaka auto pilatzen da militar mukitsuen itanunketa, miaketa eta irainen zain. Gure txanda itxoiten dugun bitartean bidaiari batek, Mahmudek, bi egun lehenago Ramallah ondoko Qualandia check point-ean gertatutakoa kontatu digu. Emakume haurdun bat bertan odolustuta hil zen Jerusalemerako ospitalera joateko kontrol militarra zeharkatu ezinik. Hogei minutu beranduago gure txanda heldu da. Porlanezko garitan hamazortzi bat urteko umemokoa bera baino handiagoa den fusilaren miratik begira dago. Arma gugana zuzendu du. Besteak atea ireki eta tonu zakarrean pasaporteak eskatu dizkigu (zalantzan nago “mesedez” hitza hebreeraz esistitzen ote den). “Oh! España!”, bota digu irribarrez. “zer, polita da Jenin?, zer galdu zaizue hor?, zer egiten duzue hauekin?” –gurekin taxia konpartitzen duten palestinarrez ari da-. Guk ez irribarrerik, ezta laguntasuna adieraziko dion edozein keinurik ere. Argi utzi nahi izan diogu, ezer esan gabe, ez gaudela batere eroso egoerarekin. Uste dut mezua jaso duela.

Azkenik, berandu heldu gara Ramallah-n hitzartutako zitara. Zaila izan da baina azkenik lortu dugu gure hurrengo solaskidearekin gelditzea. Kalean geneukan zain bere etxeko atari aurrean. Giltzaz eragiten zaion igogailu horietako batean sarrarazi gaitu. Burnizko ate blindatu potolo batek etxe apal batera bide ematen du. Azkenean eta bidai nekagarriaren ostean eskertu dugu etxeko freskotasuna.

Ayman Daraghmeh, Palestinako Legebiltzarreko kidea eta Natura eta Energia Baliabideen Batzordeko Burua da. Hamas-ekoa da baina askok esan digunaren arabera sektore moderatukoa. Irribarretsu, harrera adeitsua egin digu eta etxeko egongelan borobilean esertzera gonbidatu gaitu. Fatah-ko ordezkariekin izandako protokolozko bilera hotzetan ez bezala, giroa lagunartekoa da. Bere hiru alabak etxean daude. Gazteenak masusta freskagarria eskaini digu.

              

Legebiltzarraren funtzionamenduaren zailtasunen inguruan mintzatzen hasi zaigu. Erakundeko 135 legebiltzarkideetako 45 espetxean daude, tartean idazkari nagusia eta bozeramalea. Gainera, zenbait ordezkari Gazakoak izanik, biltzarrak bideokonferentziaren bitartez egin behar izaten dituzte, batekoak eta bestekoak ezin direlako bildu. Hamasek hauteskundeak irabazi zituenetik AEBek eta EBak boikota ezarri zioten Legebiltzarrari, eta  Ayman-ek ironia kutsu batekin esan digunez, jarrera hori ez dator bat Europako kultura demokratikoarekin. Hamas-ekoak prest agertu dira NBEaren 242 ebaspena onartzeko, hau da, bi estatu osatzea 1967ko mugetan, Jerusalem Palestinako hiriburua izatea, eta errefuxiatuen bueltatzeko eskubidea bermatzea; Israelek, berriz, berrogei urte hauetako zenbait itunetan hartutako konpromesuak ez ditu behin ere bete eta ez ditu inoiz zehaztu bere mugak. Gaurdaino, beraz, ez dakigu zein diren Israelgo mugak, bada garaia, hortaz, publikoki zehazteko.

Egungo egoera aztertzeko orduan, Ayman ez da oso baikor agertu. Palestinarren ur, nekazari, osasun, zein ekonomia baliabideen kontrola ez dago haien esku. Fatah-k ez ditu onartu berauek sortutako hauteskunde legearen arabera egindako bozken emaitza eta ez dute batasun gobernu bat osatu nahi izan. Bestalde, PANren Segurtasun Indarren jarrera ere salatu du.

Bere ustez, alderdi guztien arteko eztabaida sakon bat egin behar da eta eztabaida honen abiapuntua “Presoen Dokumentua” izan beharko luke. Alderdi guztietako presoek adostutako txosnen honetan Marwan Barghoutik, Fatah-ko buruzagiak berak ere parte hartu zuen. Aymanen aburuz, Barghoutik paper garrantzitsua joka lezake adiskidetze prozesuan baina Mahmud Abbasek espetxean nahi du Barghouti.

Iragan astean PFLP-k (Palestinako Askapenerako Herri Frontea) eta Mubadara-k aurkeztutako ekimenaren inguruan ere itaundu dugu. Ezkerra kritikatu du ez direlako kapazak ekimen bateratu bat aurkezteko. Banatuta daude, talde minoritario batzuk gobernuaren aldekoak eta beste batzuk Fatah eta Hamas-en arteko bisagra lanak egiten saiatzen. Ayman-en arabera gauzak hutsetik sortu behar dira berriro, lehengo egoerara bueltatu, Hamas-i bozketan lortutako ordezkaritza onartu, alegia. Ez datoz bat ekimenarekin Segurtasun Indarrei lotutako hainbat pertsonek (Mohamed Dahlan-ez ari da) bere boterea eta kargua mantenduko dutelako. Dena den, eta hutsuneak ikusten badituzte ere, ez dute guztiz baztertzen ezkerraren proposamena.

Arratsaldeak aurrera darrai eta gure solaskideak inongo nekea erakutsi barik gure galdera zaparradari aurre egiten jarraitu du gai delikatuenak ere saihestu gabe. Gazako egoeraz itaundu dugu jarraian. Salatu du Segurtasun Indarren alderdikeria Gazan, independienteak beharko liratekela. Hamas-ek Gazako kontrola eskuratu aurretik segurtasun arazo larriak zeuden bertan, Mohamed Dahlanen babesa zuen Dogmustarren familiak bahitu zuen Allan Johnson eta Hamasek hartu zuen BBC-ko kazetaria askatzeko ardura. Onartu du Gazan gertatu ziren hiru egunetako liskarretan gehiegikeriak egin zirela baina zuritu ditu argudiatuz segurtasun arazo handia zegoela eta Segurtasun Indarrek kaosa sortu nahi zutela. Gaineratu du Hamas-ek ez duela nahi Estatu palestinar paralelo bat Gazan. Gazako erresistentziak jaurtitzen dituen Kassam koheteen inguruan ere galdetu diogu, ea bere ustez estrategia zuzena ote zen. Ayman-en arabera, nazioarteko arretak gehiago erreparatzen die suntsipen ahalmen eskaseko txafleruei, Israelgo armada boteretsuak burututako sarraskiei baino, baina Gazako konzentrazio eremu barruan suziri horiek baino aukera gehiago ez zaie geratzen.

Gai arantzatsuenak ere ekidin barik aurrera jarraitu dugu gure itaunketarekin elkarrizketatuarengan ezerosotazun imintzio ñimiñoena ere somatu gabe. Al Qaeda-ri buruzko iritzia eskatu diogu orduan, izan ere, mendebaldeko prentsaren sektore batek nazioarteko islamisten esku beltza ikusi nahi baitu Gazako gertaeren atzean. Aymaden aburuz, Al Qaeda AEB-en politikaren ondorioa da, haien ekintzak palestinarren interesen zein islamaren beraren kontra doaz, eta gaineratu du ez dela bidezkoa ekintzak hiritar zibil eta errugabeen kontra zuzentzea. Al Qaedaren ekintzek lagundu baino kalte egiten diote palestinarren kausari. Hamas-ek, berriz, askapen nazionala du helburu. Onartu du, bestalde, Irango laguntza jaso dutela. Bere esanetan, Iranek, trukean ezer eskatu barik, laguntza ekonomikoa eskaintzen badie ongi etorria da, izan ere, EB-etik ezin baitute inongo laguntzarik espero.

Benetan eroso geunden mota guztietako galderak erantzuteko erakutsi zuen prestotasunarekin harik eta emakumeen eskubideen inguruan itanudu dugun arte. Gure solaskideak gaia saihestu du esanez haien lehentasuna askapen nazionala dela eta ez nolakoa izango den etorkizuneko balizko Estatua. Onartu du gehiengoaren erabakia Estatu musulmana balitz Lege Islamikoa ezarriko luketela, baina gutxiengoak errespetatuz, eta gaineratu du, ironia kutsu batekin, AEB-ek eta EB-ak legeak kristautasunaren arabera egingo balituzte Estatu hauetan ez litzatekela torturarik izango.

Konturatu orduko ilundu da. Azkar ibili beharko dugu Jerusalemera eramango gaituen azken autobusa hartzeko, izan ere, bederatzietatik aurrera check point-a ixten dute eta Ramallah itxita geratzen da, aitortu gabeko etxeratze-agindua ezarriko balute bezala. Ayman eta bere alabak agurtu ditugu, eskertu diogu gure jakinmina horren adeitsu asetzea eta abiatu gara Ramallah-ko kaiolatik aterako gaituen sherut-aren bila.

 

Ia astebete pasa da Ramallah-n Hamas-eko legebiltzarkidearekin bilera egin genuela eta bestelako testu inguru batean gaude, Gazan, alegia.  Gezurra dirudi herrialde bereko bi zati izanik, horren desberdinak izatea. Banaketa fisiko, ekonomiko, politiko, zein soziologiko hau Israelek ezarritako apartheid politikaren ondorioa da. Alde batetik, West Bank porlanezko harresiz inguratu eta hiru ghetto isolatuetan banatu dute. Banaketa eta isolamendu honen ondorioz ghetto ezberdinetako gizarteek bilakaera soziologiko ezberdina pairatu dute; Ramallah-n edo Bethlehem-en, esaterako, gizartea  liberalagoa bada, Hebron-en edo Qualquilia-n, ostera, muturreko islamismoaren jarreretara jotzen ari dira.

Gaza, bestalde, azken urteotako sionismoaren adierazpen militar bortitzenaren biktima izan da, eta horren froga da Erez-eko mugan sartzearekin batera topatzen den ikuspegi samingarria. Adreilu grisezko eraikuntza apalak pilatzen dira bata bonbardaketek aurretik suntsitutako beste baten hondakinen gainean eta pareta horien atzean miloi eta hirurehun mila arima metatzen dira, gehienak haurrak, bizibaldintza humanitario gero eta larriagoetan.  Testu inguru honetan, eta segurtasun ezaren egoera eta barneko liskarrak jasanezinak zirenean, Hamas-eko miliziek matxinatu eta AEB-ek zein Alemaniak hamalau urtez entrenatutako Segurtasun Indarrak hirurogeita hamabi ordutan mendean hartu zituzten. Egun horietako gatazka odoltsuetan 158 palestinarrek bizia galdu eta 700 inguru zaurituta atera ziren. Gaur, ordea, eta Hamase-k Gaza-ko kontrola bereganatu zuenetik, bizibaldintzek ez dute hobera egin, Israelek gogortu du eremuari ezarritako boikota, pobrezia tasak eta langabeziak gora egiten dute, eta egoera humanitarioa benetan latza da. Baina Hamas-ek lortu du, bestalde, segurtasuna bermatzea eta hori igartzen da kaleetan. Inoiz ez bezala jendea kalean eta hondartzan lasai ibiltzen da,  gaueko ordu txikiak arte jendea itsaertzean biltzen da ur pipa erretzen eta tea edaten, eta Hamas-ek kaleetan eskegitako pankarta handiek nazioarteko bisitarien aurkako mehatxuak gaitzesten dituzte.

Gaza-n, Ayman Daraghmeh-ekin izandako solasaldia kontrastatu nahi izan dugu eta bertako Hamas-eko ordezkari batengana jo dugu. Gau iluna da eta taxiak errepidetik atera eta asfaltatu gabeko karrika ilunetatik sartu gaitu, bertan omen baita bilerarako hitzartutako lekua. Antza denez, haiek ondo kontrolatzen duten auzo apal batean egin dute zita. Etxe umil batean egin digute harrera, itxuraz zaindari lanak egiten duten gazte bizardun batzuek. Ez daramate armarik. Handik gutxira ondo jantzitako eta manera oneko gizon bat agertu zaigu. Fawzi Barhoum da, Gaza-ko Hamas mugimenduko bozeramalea. Elkarren aurkezpenak eginda bere mintzaldia hasi da.

Barhoum-ek salatu du PAN-ak 1994tik hona Gazan izandako bilakaera. Azken garaietan Hamas-eko buruzagiak atxilotu eta bahitu dituztela esan digu, erresistentzia akabatzeko ahaleginetan zebiltzatela, ez zutela palestinarren harteko negoziaketarik nahi, eta Hamas-ekin baino okupatzaileekin nahiago zutela negoziatu. Bozeramaleak esan digunez, Hamas-ekoek prozesu demokratikoan eta askatasunetan sinesten dute, baita erligio askatasunean ere, eta hauteskundeetako irabazle legitimoak izan dira. Irabazitakoan batasun gobernua eskaini zioten Fatah-ri baina hauek ez zuten onartu. Barhoum-ek salatu duenaren arabera Mohamed Dahlan-ek zuzendutako Segurtasun Indarrek palestinarrak erail dituzte AEB-ek bidalitako armekin, tartean Hamas-eko 120 militante hil zituzten liskarren aurretik, eta jarraitu du esanez haiek zeudela Allan Johnson-en bahiketaren atzean.

Ekainaren hamabostean, ordea, egoera jasanezin horrekin bukatzea deliberatu zuten Hamas-ekoek eta Gazako kontrola bereganatzeko matxinatu ziren. Gure solaskideak  jarraitu du esaten segurtasun ezaren eta korrupzioaren egoera horren sortzaileak eta sustatzaileak AEB-ak zirela eta 120.000 dolar eman zizkiotela Mohamed Dahlan-i Hamas borroka zezala. Dahlan-ek, berriz, Dogmustarren familia armaz hornitu zuen eta hauek kaosa eragotzearren BBC-ko kazetaria bahitu zuten. Egun, ordea, kriminalitatea jaitsi egin da,  Barhoum-en aburuz, baina bestalde, Israelek blokeoa eta palestinarren aurkako errepresioa gogortu du. Jarraian nazioarteko laguntza eskatu du blokeo mediatiko, mediko, elikadura arloko, eta fisikoari aurre egiteko.

Hitzaldia ordu txikiak arte luzatu da baina joan aurretik kontraesan gehien sortzen digun kezka nagusietako bat argitu nahi izan dugu, izan ere, bertako ezkertiar askok bezala zuhurtasunez eta mesfidantza apur batez ikusten dugu alderdi erligiosoaren aginteak askatasun zibil eta politikoen arloan eragin ditzakeen bilakaera.  Horren inguruan itaundu dugu, beraz. Ordurarte galdera bat ere saihestu ez zuen arren, orain diplomazia handiz erantzun digu erligio askatasunean sinisten dutela, ez dutela Estatu islamiko bat sortu nahi eta begirune handia dietela emakumeei. Bukatzeko hainbatetan entzundako emakumearen inguruko argudioa bota digu, emakumea diamante bat bezalakoa dela eta diamanteak estali behar direla inork iku ez ditzan, eta hau eta beste. Eta horrelako argudioen aurrean eta inguru horretan zer esanik ez geneukala elkarrizketa amaitutzat eman dugu eta agurtu ditugu gure anfitrioiak.

Gaua epela da eta palestinar askok bezala itsaertzearen freskotasunaren bila gerturatu gara hondartzara. Taldeak ur pipen inguruan biltzen dira hitzaspertuan eta gure hondar gaineko txokoan ez da eztabaidagai faltan. Sagar tabakoaren lainoen artean eta konpañia onean orduak beste erritmo batean igarotzen dira. Kontraesanak kontraesan, eskertu beharko zaie Hamas-ekoei ordu hauetan hondartzan patxada ederrean egon ahal izatea behintzat.

 

Koldo Sagasti – Komite Internazionalistak

 

 
< Anterior   Siguiente >

Arqueología Social

 
Resiste 16
 

Suscríbete

Recibirás un Boletín con nuestras recomendaciones.