Ekialde Hurbila puri-purian da, Israelgo Gobernuaren errepresio basatiaren erruz. Libanon egokitu da oraingo honetan kinka larria. Baina palestindarren aurkako jazarpenak ere ez du etenik. Koldo Sagasti laguna, Hemen eta Munduan erakundeko kidea, Palestinan dabil Komite Internazionalistak taldearen brigada batean. Hona bidali duen azkeneko ekarria, www.halabedi.org webgunean ere irakur daitekeena. Orain arteko idatziak webgune honetako Herriak eta Nortasunak izenburuko sailean topatu ditzazkezue.
Gazan 2006-07-28
Atzo, bigarren aldiz Gazan sartzen saiatu ginen, ordurarte guztiz itxita zegoen Eretz-eko pasabidea, israeldarrek konzentrazio esparru honetan burutzen ari diren saraskiaren testigantza emango duen lekukorik ez baitute nahi. Atzo, ordea, Europako hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek osatutako karabanari sartzeko baimena eman zioten eta talde honen babespean Komite Internazionalistetako brigada osatzen dugunok ere sartu ginen azken hilabeteotan bortizki zigortutako ihesbiderik gabeko kaiola honetan.
Goiz osoan zehar Israelgo Armadaren "apatxe"-ek jaurtitako bonbak gertutik igarri ahal izan ditugu, eztanda beldurgarriekin batera gure oin azpiko lurra astintzen dute lehergailuek eragindako uhinek. Gazako iparraldeko Bet Hanun herrian aurreko egunetako bonbardaketetan txikitutako etxeak, lehertutako zubiak eta suntsitutako azpiegitura guztiak ikusi ditugu. Batzuetan bonbardatu baino ordubete lehenago abisua ematen diete etxeko jabeei eta hauek ahal duten guztia hartuta abiada bizian utzi behar dute haien bizilekua. Aurreko egunean bonbardatutako etxe bat Nazio Batuen eskola baten parean dago, batetik bestera garamatzan anbulantziatik jeitsitakoan haur andana batek inguratu gaitu martziano talde bat ikusi izan balute bezala, izan ere, aspaldiko partez eta sionistek etengabeko bonbardaketei ekin zietenetik oso arraroa baita atzerriko jendea ikustea Gazako kaleetan. Handik atera eta hamar bat minutura irratian esan dute armada sionistak bisitatu berri dugun eskola bonbardatu duela. "...gutxigatik libratu gara!..." eta segituan barre eta algaraka inguratu gaituen haur pilarekin gogoratu naiz.
"Konta ezazu zure herrian ikusi duzuna"
Arratsaldean Gaza hiriko Sifah ospitalea bisitatu dugu, bertan azken egunetako bonbardeketetako 70 zauritu pilatzen dira geletan, korridoreetan eta baita balkoietan ere. Ikuskizuna ikaragarria da eta giroa labana batez ebakitzeko modukoa. Amak negar garrasi batean ateratzen dira ospitaletik jende zurrunbilo batez inguratuta. Eritetxe barruan jendea pilatzen da, kalashnikovak soinean daramatela batzuk, otoitzean besteak. Gure harridurarako zaurituek irribar batez hartzen gaituzte eta haien anputatutako hanken zein besoen muinoi odoltsu eta sendatu gabeak erakusten dizkigute argazkiak atera diezazkiegun, "...atera argazkia eta konta ezazu zure herrian ikusi duzuna...", esaten digute haien senitartekoek adorez, bi hankak galtzea haien eguneroko bizimoduen gorabehera onartua izango balitz bezala. Halako batean gela batean sartu eta bost bat urteko neskatila bat ikusi dugu, geldirik, bendaz estalita,ondoan ama negar malkotan daukalarik. "...metraila dauka burmuinean sartuta, ez da bizirik aterako, gaur goizeko eskolako bonbardaketak harrapatu du... atera, atera itzazue argazkiak". Amari begiratu diogu elkartasun hitzen bat zuzendu nahian... baina ezin, bere eskua estutu eta negarrari eutsi ezinik atera gara gelatik. Hamar minutu lehenago eta gutako bat izan ziteken ohe horretan heriotzarekin borrokan zetzana baina haur gazatar bat da eta antza denez hemendik kanpo hori ez zaio inori axola. Bisita jarraitu dugu, hanka gabeak, beso gabeak, begi gabeak, aurpegi gabeak...bizitza urratuak baina malko bakar bat ere ez hain begietan.
Nazioarteko karabanak Gaza utzi du arratsalde partean. Gu gelditu gara, eta ez dut uste gutaz aparte askoz atzerritar gehiago dagoenik konzentrazio esparru honetan. Gauean, berriro ere, bonbardaketak entzun ditugu, hegazkinen burrunbak, koheteen eztandak, Gazako gauaren doinuak. Atzo 26 hildako izan ziren, gaur ezin jakin, seguraski beste horrenbeste, eta 1.300.000 palestinar gelditzen dira oraindik ere lurrez, itsasoz, eta haizez guztiz itxitako kaiola honetan.
".Arazo larria daukagu Gazan...", zioen mediku batek, "munduko edozein lekutan norbaitek bonba edo tanke baten eztanda entzuten badu korrika bizian ateratzen da; hemen, ordea, hain gaude ohituta bonba hotsei ezen korrika atera beharrean jendea, eta haurrak batez ere, kuxkuxeatzera gerturatzen den eta horrelakoetan behar baino zauritu gehiago suertatzen dira..." .
Osasuna eta askatasuna. Salamat!
|