¿Recuperar clave? ¿Quiere registrarse? Regístrese aquí
  • Narrow screen resolution
  • Wide screen resolution
  • Auto width resolution
  • Increase font size
  • Decrease font size
  • Default font size
  • default color
  • red color
  • green color
Eutsi - Pagina de izquierda Antiautoritaria
sábado
11. oct 2008
Inicio arrow Lucha Social arrow OAXACA: EMAKUMEEN MATXINADA TELEBISATUA
OAXACA: EMAKUMEEN MATXINADA TELEBISATUA PDF Imprimir E-Mail
Escrito por Koldo Sagasti   
jueves, 17 de julio de 2008
manifestacin_en_oaxaca.jpgAzken orduko gonbidatu bereziak gara Nancyren urtebetetze festan. Hamabost lagun inguru bildu gara Oaxaca-ko erdialdeko diskoteka zaratatsu batean, gehienak emakumeak. «horrelako leku batean sartzen naizen lehenbiziko aldia da»,aitortu dit Roquek, aurrean dudan mutilak, ohiu bizian musikari gailentzeko. Roqueren alboan bere ahizpak daude. Hirurak Canal 9-ko preso ohiak dira. Nancy, omendua, eta beste parrandakide guztiak ere, 2006ko Abuztuaren 1ean Canal 9, Mexicoko Oaxaca Estatuko Telebista publikoa, okupatu zuten matxinatuak dira. «Denok, Oaxakarrak izanda ere, lehendik ez genuen elkar ezagutzen, egun horretatik aurrera, aldiz, familia bezalakoak gara» dio Nancyk Coronitari zurruta emandakoan. Patyk, taldeko beteranoetako batek, garagardoa mahai gainean utzi eta kontaketari ekin dio.

Giroa oso gaiztotuta zegoen garai hartan. 2006ko Ekainaren 14an Polizia Federalak bortizki erasotu zituen Oaxakako Zocaloan kanpatuta zeuden irakasle grebalariak. Maisu-maistrek urteak zeramatzaten euren lan baldintzetako zein irakaskuntza arloko hobekuntzak aldarrikatzen, baina garai hartan protestak areagotu eta maiatzaren 22an hiriburuko plaza nagusia okupatu zuten. Erasoaldi bortitz hartan atxilotu, zauritu, desagertu eta emakume bortzatu mordo bat izan ziren, eta horren ondorioz, ordura arteko arlo zehatz baten protestarekin herri osoak egin zuen bat. Hurrengo asteetan sektore asko atxiki zitzaizkien matxinatuei eta APPO (Oaxacako Herrietako Asanblada Herrikoia) osatu zuten. Protestak eta manifestazioak ugaritu ziren.

Testuinguru horren barruan, abuztuaren 1ean, 20.000 emakume inguru bildu ziren manifestazioan. Zocalora heldutakoan, Fidelak, gurekin parrandan dabilen maistra edadetu batek, hartu zuen hitza. Hunkituta, ez baitzuen 300 lagun baino gehiago espero protestan, eskuko megafonoa hartu eta horrezkero bero-bero eginda zegoen entzulegoari zuzendu zitzaion: «Komunikabide ofizialek hitza ukatu nahi dugute emakumeoi… entzun behar gaituzte!». Halako batean jende arteko zurrumurru bat gero eta ozenago bilakatzen hasi zen: «Canal 9-ra, Canal 9-ra!», eta ustekabean jendetza Estatuko telebista publikoaren egoitzara abiatzen hasi zen. Autoak eta kamioiak gelditu eta telebistara gidatzen zituzten. Emakume andana bildu zen egoitzaren aurrean. Hasieran ordu laurden bateko tarte bat baino ez zuten eskatzen haien aldarrikapenak plazaratzeko baina hori ere ukatu zieten, beraz, momentuko beroaldiak bultzatuta, atezainei oldartu zitzaizkien eta barrura egin zuen jende andanak.

Orduantxe egin zuten topo errealitatearekin, izan ere, egoitzaren jabe egin baziren ere, tresneria hori guztia abian jartzea ez zen euli kaka ordurarte telebista bat barrutik ikusita ez zeukaten emakumeentzat. Kikildu gabe, hurrengo orduetan ardurak banatu eta lanari ekin zioten. Nancy ez zegoen oso trebatuta kontu tekniko horietan baina ikusita zeuzkan traste horiek unibertsitatean. Beraz, berak hartu zuen teknikaren ardura. Beste telebista batzuetako hainbat langilek, tartean Roquek, matxinatuekin bat egin eta teknika kontuetan laguntzera bertaratu ziren; kale berean tailerra zuen arotz batek dekoratuak egiteko egur olak oparitu zizkien; beste batzuk erreboltariei janaria eramateaz eta garbiketaz arduratu ziren; eta beste asko egoitza defendatzeaz. 300 barrikada inguru muntatu zituzten inguruan Canal 9 babesteko. Zorionez ez zieten argindarra moztu, izan ere, enpresa elektrikoko langileek ere bat egin zuten matxinoekin.

Canal 9 zena, Canal APPO izenez bataiatu zuten. Hasieran lagunek utzitako bideoak baino ez zituzten jartzen, eta lehenengo zuzeneko emisioak abian jartzerakoan inor ez zen ausartzen kamara aurrean agertzen. Errepresalien beldur ziren denak. Patyk urteak zeramatzan militantzia politikotik aldenduta, harik eta polizia federalak haren seme-alaben aita erail zuen arte. Horrek eta garai horietako giro gaiztotuak bultzatu zuten berriro protestetan parte hartzera. Aste gutxitan, eta ia nahi gabe, matxinatuen aurpegi ezagunetako bat bilakatu zen. Bera izan zen Canal APPO berriari aurpegia emateko ardura hartu zuena.

21 egunez ahotsa eman zieten Oaxacako emakumeei eta 21 egunez telebistako ikusle-kopuruen errekorrak hautsi zituzten. Etxekoandre askok telebistaren bitartez izan zuten lehenbiziko aldiz Oaxacako emakume erreboltarien berri eta bat egin zuten euren mugimenduarekin.

Egun horietan, berriz, jakin zuten irakasleen sindikatuko buruak greba bertan behera utzi eta lanera bueltatzeko deia egin zuela, baina horrezkero ez zegoen matxinadaren trena geldituko zuenik. Andreak ez zeuden amore emateko prest eta hor jarraitu zuten, telebistan, haien aldarrikapenak lau haizetara zabaltzen. Canal APPO-ren emisioaren 21. egunean, berriz, armadak telebista-seinalearen transmisorea tirokatu eta guztiz birrinduta utzi zuen. Baina Oaxacako emakumeek piztutako txinpartak Estatu osora hedatu zuen iraultzaren sua, eta egun horretan bertan 12 telebista eta irrati okupatu zituzten Oaxaca osoan. Hurrengo asteetan Appok Oaxacako kontrol osoa bereganatu zuen, Estatuaren egiturak deusestu eta asanbladaren boterea ezarri zuen. Gobernurik gabeko herriaren ametsak, ordea, Ekainetik Azarora bitartera iraun zuen, izan ere, 2006ko Azaroaren 25ean Estatuaren errepresio indar guztiek batera errealitate zaztada eman zioten mugimenduari eta armadak, polizia federalak, eta hainbat merzenario taldek bortizki astindu zuten Oaxacako herria. Ondorioz, gaur egun oraindik ere zehaztu ezin izan den hildako, desagertu, bortzatu, zauritu eta atxilotu kopuru izugarria izan ziren. Inongo mugimendurik jasan ezingo lukeen errepresio bortitzak kolokan jarri zuen asanbladaren iraupena. Askok ihes egin behar izan zuten, Mexico DF-ra zein atzerrira, beste asko etxean izkutatu ziren mendekuaren beldur. Gerora jatorri ideologiko eta estrategiko askotako taldeak biltzen zituen asanbladaren barruan liskarrak eta hika-mikak hasi ziren, batetik estalinistak, troskistak… bestetik anarkistak, indigenak…eta botere dema horrek porrotera eraman zuen une batez utopia posiblea zela sinestarazi zigun mugimendua.

Paty etorri handiz ari zitzaizkigun Oaxacako borrokaren gora beherak kontatzen. Halako batean entzulegoa nekatzen ari zela ikusita Coronita mahai gainean utzi eta dantzatzera aterarazi gintuen. Nik, euskaldun onak bezala, muzin egin nion gonbiteari eta garagardoari azken zurrutadak ematen gelditu nintzen eserita, pentsakor. Orduan gogoratu nituen Feliparen hitzak. Felipa, egun bat lehenago gurekin solasean aritu zen andre indigena edadetua zen. Indigena zen aldetik ez zuen sinesten sistema politiko arrotzetan eta alderdikerietan. Bera, beste asko bezala, apaltasunez eta nabarmendu gabe aritu zen borrokan mugimenduaren barruan, eta mendeetako ondare kultural indigenak ematen duen jakinduriaz bete-betean asmatu zuen APPOren gainbehera aztertzeko orduan. «Bost hilabetez asanbladak gobernatutako herri batean bizi izan ginen, amets guajiroa (horrela deitzen zion berak utopiari) ukitu genuen hatz puntaz, eta horrelaxe izan zen, hain zuzen ere, mugimendu guztia bat batean sortu zelako, amorru eztanda bat izan zelako. APPO sortzeko hainbeste ideologia ezberdinetako taldeok ados jarri behar izan bagenu ez ginatekeen gauza izango mugimendua abian jartzeko».

Ordu txikitan diskotekatik atera, parrandakideak agurtu eta ostatura abiatu gara kale sare kuadrikulatuan barrena. Gaur egun, Oaxacako karriketan paseoan inork ez luke esango herri hori, Estatu osoa bezala, bost hilabetez gune liberatu bat izan zenik. Turista anglosajoiak balantzaka ibiltzen dira kantina batetik bestera poliziak guztiz kontrolatutako kaleetan eta eskale andana biltzen da Zocalo inguruan bisitariei segika, edozein herri turistikotan bezala. Baina borroka hori bizi izan zutenen adorea ikusita sinestuta nago egunen batean, ez dakit noiz, Oaxacarrek errebantxa hartuko diotela botereari.

Koldo Sagasti Buruaga

 
Siguiente >

Arqueología Social

 
Resiste 19
 

Suscríbete

Recibirás un Boletín con nuestras recomendaciones.