2008 urtea berezia da
Gasteizen. Orain 25 urte ireki zituen ateak Hala Bedi Irratiak. Testuinguruaren
beharrizana izan zen. Trantsizio momentua zen. Langile mugimenduek indar
handia zuten eta 1976ko gertaeren ondoren minduta zeuden, gazteek eskubideak
aldarrikatzen zituzten. Horren adierazgarri izan zen punk mugimenduaren
indarra. Gasteiz hiri tradizionala izan zen mugimendu honen zutoi
garrantzitsua. 60ko hamarraldian apaiz eta militarren hiria izatetik 70ko
hamarraldian industria eta etorkinen hiri bihurtu zen. Belaunaldi berrietako
gazteek ez zuten tradizio eta “normaltasunarekin” bat egin nahi. Hertzainak
taldeko Josu Zabalak esan zuen bezala, “lehen aldiz hautsi zen zikloa. Gazteek
ez zuten haien gurasoek bezala bizi nahi” Ez ziren gehiengoa izan, bai, ordea,
hegemonikoak.
Kameleoiak bere ingurura
egokitzeko gaitasuna dauka. Hori da, hain zuzen, Hala Bedi Irratiak egin duena.
1983ko abuztuan jaio zen. Garai hartan irrati libre ugari jaio ziren, baina
Hala Bedi izan da bidea aurrera jarraitu duena erreferentzia bihurtu arte. 25
urtez aritu dira irrati honetako kideak komunikatzen. Sekretua: bere kameleoi izaera.
Urteetan zehar gizarteko egoeretara egokitzen jakin izan du Hala Bedi Irratiak.
Hiru hilabete lehenago,
maiatzean, hiriko zenbait mugimendutako gazteek irrati bat sortu behar zela
pentsatu zuten. Herri mugimenduan askotan gertatzen den bezala, baliabide gutxi
zituzten, dirurik ez zuten, baina proiektua aurrera ateratzeko gogo handia
zuten; ezina ekinez lortu zuten. Helburua zen oihartzuna izango zuen
instrumentua eraikitzea, hitz egiteko aukerarik ez zutenei ahotsa emateko
aukera bat zen Hala Bedi Irratia.
Gazte horien artean Juan
Ibarrondo idazlea aritu zen lanean. Maiatzean egindako bilera lehena izan zen,
baina ordutik aurrera gehiago ere egin zituzten. Hainbeste ordutan
eztabaidatutako proiektua 1983ko abuztuaren 4an gauzatu zen, Gasteizko festen
hasiera zen, txupinazoaren eguna. Giro herrikoiena erakutsi nahi zuten
“erdigune burges”-etik urrun. Garai hartan ez zegoen mugikorrik, beraz, Hala
Bedi Irratiko bi kide, walky talkie-ak eskuan hartuta, kalera irten
ziren jai giroaren berri ematera. Ez zen uste bezain ondo atera, atxilotu egin
baitzituzten. Dena dela, berehala aske utzi zituzten. Juan Ibarrondok dioenez,
“irratia egiteko modu guztiz berritzailea zen, ezberdina. Freskotasuna eta
dinamikotasuna ziren ezaugarri nagusiak. Arabarrak ez zeuden irrati modu hori
entzutera ohituta”.
Mugimendu kontra kultural
honen arrakasta musika zen. Punk musika entzuteko irratsaiorik ez zegoen 80ko
hamarkadan, ezta aretorik ere. Kalean, ordea, La Polla Records,
Cicatriz en la Matriz…
entzuten ziren eta Hala Bedi Irratiak horren berri ematen zuen. Gazte asko
hasi ziren irrati hau entzuten. Pixkanaka Gasteizko irrati aske hau ezaguna
egin zen.
Arazoak hasieran
Irratia ezagunago bilakatu zen
heinean, orduan eta debeku gehiago zituen. Hori dela eta, askotan aldatu ziren
lekuz. Postas kalean, Barrenkalen eta Zaramagako langabetuen egoitzan egon
ziren, besteak beste. Are gehiago, garai latzenetan furgoneta batean aritu
ziren lanean Gasteizko inguruetan bueltaka.
1984. urtean Santo Domingo
kaleko pisu batean jarri zuten egoitza. Hilabete batzuen ostean Polizia
Nazionala agertu zen. “Bagenekien gure atzetik zebiltzala, baina punka musika
baino gehiago jarrera bat zen”, dio Ibarrondok irribarre txiki batekin.
Igarotako hilabeteetan entzule ugari lortu zituzten eta poliziek Gobernadore
Zibilaren sinadura zeraman aginduarekin katea itxi zutenean entzuleek erantzun
egin zuten.
Manifestaldiek eta borrokek
egunak iraun zuten. Adierazpen askatasuna eskatzen zuten eta hori lortzeko RNE,
Gasteiz Irratia eta SER okupatu zituzten. “Komunikatu bat irakurri ezean
ez ginela joango esan genien. Ez ziguten utzi eta gutxira ertzaintza jaioberria
heldu eta gaseatu egin gintuen. Kazetariak, irrati kideak, denok atera ginen
jipoituak”. Gertaera honen ondorioz, irratian lan egiten zutenen ideologien
artean batasun gehiago zegoen eta aurrera jarraitzeko gogo gehiago zuten Hala
Bedikoek. Paper garrantzitsua bete zuen afera honetan Patxi Bisquert aktoreak.
Alicia Izagirre Gobernadore Zibilak irratia itxi zuen, baina bere etxea eskaini
zien Hala Bedin lan egiten zutenei. Orduan, Zapateria kalera mugitu ziren;
Gasteizko muinotik hasi ziren igortzen. 1984-1986 urteen artean beste hiru
alditan itxi zuten, baina mendebala ezin izan zuten zapuztu.

1987 urtean Hala Bedik
Ganado plazan kontzertu batzuk antolatu zituen, tartean Kortatu, La Polla Records,
Vomito eta Kemando Ruedas taldeek jo zuten. Grabatu zuten maketak gazteen
artean arrakasta handia izan zuen. Irratiarentzako dirua lortzeko aukera
bikaina izan zen eta urteetan jasotako isunak ordaintzeko aukera izan zuten.
Rock Erradikalak garrantzi handia lortu zuen. Are gehiago, mota horretako
kontzertu asko antolatu zituzten. Gainontzeko komunikabideetan entzuten ez zen
musika zen.
Urte berean Aiztogile kalera
joan ziren. Aurreko urteetako gertaerak ikusita, inork ez zuen pentsatuko 17
urtez iraungo zutenik leku horretan. Tas Tas informazio agentziarekin batera
aritu ziren lanean zenbait urtetan.
Gaztetxearen sorrera
Dinamismo handiko urteak
ziren, batzarren urteak. Gazteek uhinetan lekua behar zuten bezala, espazio
fisiko bat ere behar zuten. Hori dela eta, 1988ko apirilaren 27an, San
Prudentzio egunean, Gasteizko gaztetxea sortu zuten.
José Angel Cuerda zen orduan
Gasteizko alkatea. “Guk tramite asko egin ondoren, Montehermoso jauregi osoa erosi
genion gotzaingoari eta gizarte zerbitzu bat egin nahi genuen bertan. Etxe
horretarako ez geneukan plan zehatzik, besterik gabe, bertan zegoen. Udaletxean
bi iritzi zeuden: batzuk, garaiak ikusita, eskuzabaltasunez jokatzearen alde
zeuden, trantsizio garaiak ziren eta ez geneukan plan berezirik etxe
horretarako. Beste batzuek, ordea, poliziari deitu eta etxe horretatik atera
behar nituela esaten zidaten. Haientzat koldar bat izan nintzen. Nire ustez,
etxe horretarako plan berezirik ez zegoenez, eta auzokideekin, drogekin edo
poliziarekin arazorik sortzen ez bazuten, zergatik ez nien bertan jarraitzen
utzi behar?”
Cuerda alkateak gazte “zoro”
haiekin hitz egin zuen eta akordio batera iritsi zen. “Gazte hauek ez zuten ez
urik eta ezta argindarrik ere. Aurrera jarraitzea baimendu baino lehen argi
esan genien ez genuela plataforma politiko baten sukurtsala nahi. Higiene
aldetik kondizio minimo batzuk eskatu nizkien eta horren truke udaletxeak ura
eta argindarra jarriko zizkiela adostu genuen”. Orain alkate ohi moduan hitz
egiten badu ere igartzen zaio ez dela bere erabakiaz damutzen.
1987. urtetik aurrera beraz,
elkarrekin baina bide ezberdinetatik ibilitako gizarte eragile dira Hala Bedi
Irratia eta Gasteizko Gaztetxea. Horrelako proiektu ugari egon ziren Euskal
Herri osoan hamarraldi horretan, baina asko eta asko ezerezean geratu edo bere
kabuz desagertu ziren, barne eztabaidak izan zirela eta. Izaera kameleoikoa da
Hala Bedi Irratiaren sekretua. Proiektuetara gazte jendea erakarri dute;
honekin hasi zirenak egun, gurasoak dira!-, dio Ibarrondok. Errelebo
generazionala lortu dute garaietara egokituz. Haien planteamenduen
egunerokotasuna gau eta egun defendatu dute.
Horrela entzule asko
bereganatu dute: CESren arabera, 1994. urtean 7.000 inguru. Hasierako punk
izaera urteekin isildu egin bada ere (ez guztiz), irrati libreen artean
ospetsuena da orain.
Aldaketak
Inflexio puntua 2000. urtean
izan zen. Katea sortzen ari ziren gizarte eragileek ideiak elkartu zituzten
Barrian proiektua eraberritzeko, irratiaren izaera zehazteko. Helburua zen
komunikabide berri bat eratzea, eredu tradizionalaren gabeziak izango ez
zituena. Barrian egin zen bileran adostu zen programazioaren ehuneko bat
euskaraz egingo zela, Arabako egoera soziolinguistikoa baina altuagoa izango
zena. Ibarrondoren hitzetan, “abagune garrantzitsua izan zen proiektua
indartzeko”.
Eraberritze honekin
gizartearen kontzientzia pizteko lehen ekintza egin zuten. Orson Wellsek CBS
irratian egin zuen moduan, Hala Bedik saio berezi bat prestatu zuen. Garoñako
zentral nuklearrean isuri bat egon zela asmatu zuten. Ibarrondok dioenez, bi
helburu zituzten: batetik, instituzioak ebidentzian jarri nahi izan zituzten:
68 kilometrotara dagoen zentrala da eta zerbait gertatuko balitz, zer egin behar
genuke? Bestetik, entzuleen artean azterketa kritikoa sustatu nahi zuten.
Jose Angel Cuerdak bost
legealdi egin zituen jarraian Gasteizko alkate eta urte hauetan gaztetxeak ospe
handia lortu zuela ezin uka daiteke. “Gure estrategia espazio publikoak berreskuratzea
zen gero ekipamendu publikotan bilakatzeko”. Gaztetxea sortzea ez zen arazo
izan, ez baikenuen eraikin horretarako planik. Ez zen gauza bera gertatu
Toki-Eder ikastolakoekin, adibidez. Eraikin berria eskatzen zuten guk gizarte
etxe bat inguratu behar genuenean eta protestatzeko ume guztiekin sartu ziren
barrura klaseak ematera. Imajina! Zer egin zezaketen poliziek horren aurrean?
Nola bidali zitzakeen barruan zeudenak? Dena dela, zorte ona izan genuen
protesta ekainean egin zutelako eta ia zortzi egun pasa zituztelako barruan.
Gazteak elkartzeko leku bat izatea, berriz diot, ez zen arazo bat izan”.

Gaztetxeak hiru oinarri ditu:
autogestioa (instituzioen laguntzarik gabe gaztetxeko proiektu eta hainbat
ekimen aurrera eramateko bideak ditugu: taberna, ekimen kulturalak…), erabaki
guztiak batzar irekietan hartzen dira eta okupazioa (gaztetxea nahi zutenentzat
Gasteizko Udalak ez zuen gazteek elkartzeko gunerik proposatzen, horregatik
okupazioa pentsatu zuten alternatiba bakar gisa).
Cuerdaren ostean, Alfonso
Alonsoren legealdia hasi zen. “Oso gogorra izan zen eta gustatzen ez
zitzaiolako gaztetxea bota egingo zuela esan zuen arren, ez zen ausartu. 20
urte hauetan gizartearen sostengu izan da eta babes handia lortu du”.
Ibarrondok Alonsoren lehen legealdian, desalojo arriskua zegoenean
Gasteizko hirian 8000 pertsona kalera atera zireneko eguna gogoratzen du eta
baita, bigarren legealdian, gaztetxeak antolatu zuen eguna ere. Gasteizko Alde
Zaharrean, Kilometroak balitz bezala, hainbat gune antolatu ziren festa giroan.
20.000 pertsona baino gehiago azaldu ziren. “Ez zen botatzera ausartu desgaste
politiko handiegia izan zelako”, dio Ibarrondok. Cuerdak uste du lekuarentzat
ezer hoberik ez dagoen bitartean bertan jarraituko duela gaztetxeak“. Alkate zarenean
jendearengan pentsatzea da garrantzitsuena. “Nik ez nituen
elkarbizitzarako etsai moduan ikusten”, dio alderraientzat zentro bat ireki
berri duen alkatea ohiak.
25 urte komunikatzen eta 20
urte okupatzen daramate hurrenez urren Hala Bedi irratiak eta Gasteizko
Gaztetxeak. “Orain arte kameleoi izaera izan da haien bertutea eta garai
berrietara egokitzen jarraitu beharko du” dio Ibarrondok, “Hala Bedik lege
berriarekin nahiko zaila izango du etorkizuna baina urte askoan aritu da eta
badaki nola sartu sistemaren pitzaduretan. Sistemaren inkoherentziak eztanda
egiteko erreminta behar du izan”.
Ibarrondoren aburuz, “Hala
Bedi Irratia eta Gaztetxea emakume eta gizon askeentzat eskola izan dira.
Bertan gure kabuz pentsatzen ikasi dugu, hazi egin gara eta erantzukizunak
hartu ditugu. Baloreak zer diren ikasi dugu. Hemen dabiltzan gazteak balorez
beteta daude, beraien buruaren jabe dira”.
Cuerdarentzat giltza dago Giza
Eskubideen kartako lehen artikuluan: “Gizaki guztiak aske jaiotzen dira,
eskubide berdinak dituzte, arrazoia eta kontzientzia dute eta elkarren artean
anaitasunez jokatu behar dute”.
Nork: Aintzane Sagardia, Harri Fernandez, Iñaki
Landa
|