| Palestinako kronikak/4: Egun bat kaiolan |
|
|
|
| Escrito por Koldo Sagasti | |
| lunes, 16 de julio de 2007 | |
|
Goizero bezala brigadakideok bata bestearen gainean taxian sartu eta tirriki-tarraka gure eguneko lehenengo hitzordura abiatu gara. Bederatzi lagunok osatzen dugu Euskal Herriko Komite Internazionalistetako brigada Palestinan eta gure baliabide urriak direla eta beti jokatu ohi dugu nahiko zeken taxia hartzeko orduan. Gure lehenengo zita Birzeit Unibertsitatean da, Ramallahtik kilometro gutxitara. Palestinako garrantzitsuenetakoa eta aurrerakoienetakoa da, hala esan digu, behintzat, Shadik, gure gidariak. "Garai batean bidaia luzeagoa zen sarrerako bidean isrraeldarren control militarra baitzegoen"-jarraitu du-"azterketa garaian bereziki kanpuserako sarrera oztopatzen ziguten, egun, ordea, harresiak Ramallah inguratu zuenetik, ez dute kontrolik zertan jarri, aire zabaleko espetxean bizi gara eta". Shadik unibertsitateko ikasle ezkertiarren mugimenduan ziharduen eta egunotan bere soziologia ikasketak bukatu ditu.
Campusean ikasle mordo bat dabil, itxurari eta janzkerari dagokionez behintzat, jatorri ideologiko eta erligioso askotakoak. Shadik komunikabideetako departamentura eraman gaitu. Gutako batzuk irrati libreetan aritutakoak gara eta inbidiaz ikusi ditugu unibertsitateko irratian zein telebista estudioetan dauzkaten baliabide teknikoak. Omarrekin aritu gara solasean, komunikabideetako ikaslea da. "Politikoak gorroto ditut"-bota digu bat batean egoera politikoaz itaundu dugunean- "batekoak zein bestekoak, izan ere, boterea eskuratu orduko ehun dolarreko trajea jantzi eta ahazten dute nondik datozen. Eta arrazoia dauka, Ramallahko karriketan Mercedes eta BMW autoak jaun eta jabe baitira, gauza nahiko absurdoa, bestalde, harresiz inguratutako hiri batean. Berriro kalera atera eta Campusean genbiltzala hiru tipo ikusi ditugu batetik bestera megafonoa eskuan hartuta eta oihu bizian. Gurekin Laila dator, Euskal Herriarekin maitemindutako neska palestinarra. Zazpi herrialdetako mapadun domina darama paparrean. Lailak itzuli digu hirukoteak ohikatutakoa. Antza denez, bart gauean PANaren poliziak, Fatah-renak alegia, Fadi Hamd, Ikasle Batzordeko Presidentea atxilotu zuen. Fadi Hamas-ekoa da eta Campuseko hauteskundeetan garaile atera zen. Diotenez, egun batzuk lehenago ika-mika dialektikoa izan zuen jendeaurrean kurtso bukaerako ekitaldian parte hartu zuen Fatah-ko ordezkari batekin. Urduritasuna nabaria da giroan. Gu gure lagunaren azalpenei adi. Halako batean jendea korrika ikusi dugu eta tentaldiari ezin eutsiz kuxkuxeatzera gerturatu gara. Ehun bat lagun, Hamas-en banderak hartuta, sarrera nagusiaren parean elkartu dira. Haizeak islamisten ohial berdeak astintzen ditu irudi ikusgarria osatuz. " Gerora, Nadira Shalhoub-ek, unibertsitateko Emakume Ikasketen Programako Zuzendariak esan digunez, Erakundeak gaitzetsi ditu bai ikasleen arteko liskarra, baita ikasleen ordezkari demokratiko baten atxiloketa ere, horregatik hain zuzen, arratsaldean Campuseko ateak itxiko zituzten. Halaber, Fatah-k ezarritako Larrialdi Gobernua ere gaitzetsi du eta azaldu du bere kezka AEBetako interesen defendatzailea den Fatah gero eta jarrera faxistagoak erakusten ari delako Zisjordanian. Arratsaldean kontu beraren inguruan galdetu diogu gure hurrengo solaskideari. Khalida Jrar Palestinako Legebiltzarreko PFLP-ko (Palestinako Askapenerako Herri Frontea) hiru legebiltzarkideetako bat da. Berriak ustekabean harrapatu du. Berak ere gaitzetsi ditu palestinarren arteko liskarrak eta ikasleen ordezkariaren atxiloketa. Salatu du, era berean, Fath-ren jarrera, izan ere, AEBetako zein Israelgo poliziaren papera jokatzen ari da Zisjordanian. Khalidaren arabera gatazka hauek AEBen eta Israelen politika itogarriaren emaitza dira. Hamas-en hauteskundeetako garaipena ez dute onartu eta, ondorioz, boikot politiko zein ekonomikoa ezarri diote herriari, erakunde subiranoen kudeaketa ezinezko bihurtuz eta herri xumea kolapso ekonomiko zein humanitariora bultzatuz. Bestalde, azken aldian, Fatah-k zein Hamas-ek boikot egiten diote Legebiltzarrari, komeni zaien arabera ez baitira joaten erakundearen funtzionamendua oztopatzeko, hortaz, Biltzar Legislatiboa erakunde antzu bilakatu da. PFLP Palestinako ezkerreko alderdirik nagusia da, ideologia marxistakoa. Palestinako ezker demokratikoaren beste hainbat alderdirekin batera, palestinarren arteko liskarrak baretuko dituen esparru berri bat eraiki nahian dabiltza. Lan honen emaitza da, beraz, herenegun prentsa agerraldian PFLP-ko zein Mubadara-ko (Mustafa Bargouti-ren alderdia, alegia) ordezkariek aurkeztu zuten ekimena. Aipatu ekimen honen ardatz nagusiak honakoak lirateke: Gazan Hamasek hartutako erabakiak eta emandako urratsak deuseztatzea; Fatah-k ezarritako West Bank-eko gobernu berria errefuxatzea; milizia guztiak kaletik ateratzea; botere Ejekutibo, Legislatibo eta Judizialak banatu eta alderdietatik bereiztea; gobernua osatzea PLO-ren (Palestinako Askapenerako Erakundea) zaintzapean; eta hauteskunde legea aldatutakoan hauteskunde berriak deitzea. Erronka, beraz, asmo handikoa da, baina zaila dirudi egun Palestinako gizartearen gutxiengo nabaria den ezkerraren asmoak bi fronte handien alderdikeriei eta botere borrokei gailentzeak. Unibertsitateko talka, gertaera isolatua baino, jendarte giro nahasi baten eta Fatah-ren jarreraren adierazlea da, horregatik azken iritzi bat jaso nahi izan dugu. Ahmed Subah PANeko Atzerri Gaietarako Ministeritzako bigarren handimandia da. Fatah-koa, beraz. Ehun dolarretako traje dotore horietako bat jantzita daramala (lepoa jokatuko nuke autotzar garesti batean ere etorri dela), soberan dakigun Palestina eta Israelen arteko gatazkaren historia kontatu digu eta bere alderdiko diskurtso ofiziala bota digu, gaztelania garbian (Mexikoko enbaxadorea izan zen, nonbait), parte hartzeko aukerarik eman gabe. Ikasle Batzordeko Presidentearen atxiloketaren inguruan itaundu dugunean, haserre bizian, George Bush-ena berarena zirudien bertsioa bota digu. Hamas-ek estatu kolpea eman duela Gazan, West Bank-en giroa gaiztotzeko eta mezkitetatik gidatutako matxinada pizteko saiakeretan dabiltzala Irango laguntzarekin, honezkero kalean egongo zen atxilotua istilu-sortzaile eta matxinatu bat zela, eta abar. Hamas-eko ordezkariekin, ordea, ezin izan gara bildu orain arte, izan ere, azken aldi honetan eta Legebiltzarreko zenbait ordezkari zein ministro atxilotu zutenetik oso zaila da islamistekin harremanetan jartzea, lurrazpian baleude bezala bizi baitira. Eta solasaldi batetik bestera, oharkabean, eguna joan zaigu. Autobusa hartu eta Jerusalemera abiatu gara. Oraingo honetan, aurrekoan ez bezala, Qualandiako control militarrera heldutakoan autobuseko gainontzekoekin batera jaitsiarazi eta banan-banan burnizko hesi eta ateen laberintotik pasarazi gaituzte. Guri iraingarria suertatu zaigun egoera, harresiaren alde batetik bestera joan behar duten palestinarrentzat, ordea, eguneroko kontua da. Burnizko ate birakarian harrapatuta gelditu eta hamazortzi urte eskas dituzten soldaduen barreak agoantatu beharra; soinean daramazun guztia, gerrikoa eta guzti, detektagailuan sartu eta kristalaren beste aldean dagoen ume mukitsuari pasaportea erakutsi beharra…azken finean betebehar humilagarriak Jerusalemera pasatzeko baimena daukatenentzat, izan ere, Ramallah-ko nortasun agiria daukatenek hori ere debekatuta daukate. Une batez, ghettoan bizitzean zer den gure larruan bizi ondoren, amorruz beterik, bidea jarraitu dugu, Eki Jerusalem inguruko auzoetan gora eta bera, tirriki-tarraka, aurki jateko genuen falafela buruan eta harresiaren bestaldean utzitako lagunak bihotzean.
Koldo Sagasti Saenz de Buruaga |
| < Anterior | Siguiente > |
|---|
Recibirás un Boletín con nuestras recomendaciones.