¿Recuperar clave? ¿Quiere registrarse? Regístrese aquí
  • Narrow screen resolution
  • Wide screen resolution
  • Auto width resolution
  • Increase font size
  • Decrease font size
  • Default font size
  • default color
  • red color
  • green color
Eutsi - Pagina de izquierda Antiautoritaria
viernes
09. ene 2009
Inicio arrow Pueblos arrow Palestina arrow PALESTINAKO KRONIKAK 7/ WELLCOME TO GAZA
PALESTINAKO KRONIKAK 7/ WELLCOME TO GAZA PDF Imprimir E-Mail
Escrito por Koldo Sagasti / Komite Internazionalistak   
domingo, 29 de julio de 2007

Palestinako aldera igaro eta bero zaparradarekin batera suntsipenaren ikuspegiak egin digu ongietorria. Hamaika bonbardaketatan birrindutako eraikinen hondakinak pilatzen dira batera eta bestera paraje idor eta antzu batean.Bapatean, ortzmugatik taxi zahar bat ikusi dugu gerturatzen, abiadura bizian eta hauts hodei bat harrotuz. Parean gelditu zaigu. Lehiatila jaitsi eta -"Wellcome to Gaza!!"- bota digu barrukoak lagunkoi eta ironia kutsu batekin. Beste aukerarik ezean taxian sartu eta lehenengo hitzorduaren lekura abiatu gara, Gaza City-ra, Palestinako Giza Eskubideen Zentrora, hain zuzen. Testua euskaraz.

                  

Jerusalemetik goizean goiz atera bagara ere sargoriak itogarri bilakatu du ordu eta erdiko bidaia furgoneta zaharrean. Nekatuta baina urduritasunari ezin eutsiz, azkenik iritsi gara helmugara.Taxitik atera orduko metal eta kristalezko erraldoi bat altxatu da gure aurrean. Eretzeko muga Gazara sartzeko iparraldeko kontrola da eta nazioartekook erabil dezakegun bakarra.

                         

Aurten inauguratutako terminala izugarrizko baliabide tekniko eta militarrez hornitutako azpiegitura da. Eraikinaren handitasunak eta sarrerako militarren jarrerak kokilduta, banan-banan, sartu gara Euskal Herriko Komite Internazionalistetako zortzi brigadistok korridoreen laberinto batera bide ematen duten kabinetara. Bertan, hamaika galderari zehetasun gehiegirik eman gabe erantzun eta aurrera egin dugu. Zorionez ez gaituzte itaundu barruko lagunentzat opari moduan daramatzagun vodka botilen inguruan; izan ere, beldur handiagoa diete argazki kamarei edo grabagailuei, alkoholari baino.

Korridorean barrena, lagun batek kamara atera du zorrotik erretratu bat egiteko asmotan, baina jarraian megafoniatik zetorren ahots metaliko batek argazkiak ez ateratzeko agindu dio tonu zakarrean. Horrenbesteko kontrolen, traben eta enbarazuen helburua kanpoko bizitarien presentzia oztopatzea besterik ez da, isrreldarrek beldur handia izan baidiete beti Gazan gertatzen denaren testigantza emango duten lekuko ezerosoei.

Palestinako aldera igaro eta bero zaparradarekin batera suntsipenaren ikuspegiak egin digu ongietorria. Hamaika bonbardaketatan birrindutako eraikinen hondakinak pilatzen
dira batera eta bestera paraje idor eta antzu batean. Bapatean, ortzmugatik taxi zahar bat ikusi dugu gerturatzen, abiadura bizian eta hauts hodei bat harrotuz. Parean gelditu zaigu. Lehiatila jaitsi eta -"Wellcome to Gaza!!"- bota digu barrukoak lagunkoi eta ironia kutsu batekin. Beste aukerarik ezean taxian sartu eta lehenengo hitzorduaren lekura abiatu gara, Gaza City-ra, Palestinako Giza Eskubideen Zentrora, hain zuzen.

                   

%60ko langabezi tasaren pean

Ragi Sourani, Palestinako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria eta Munduko Giza Eskubideen Federakundeko presidente ordea da. "Langabezi tasa Gazan %60 ingurukoa da, hemen; ordea, lana aseguratuta daukagu datozen hamar urtetarako behintzat!", bota digu txantxa giroan egoitzako gela fresko batean harrera egin digunean. Mahats eta piku batzuk atera dizkigu eta Gazako egoeraren inguruan solasean aritu gara hurrengo ordubetean. Itxaropentsu agertu zaigu.

Bere esanetan, gutxira arte, Fatah alderdiko Mohamed Dahlan-ek zuzendutako Segurtasun Indarrek errepublika bananero baten antzera kontrolatzen zuten Gaza eta ez zuten begi onez ikusten haien boterea kolokan jarriko zuen hauteskunderik, horregatik kaosa piztu zuten bozken emaitzen zilegitasuna gutxitzearren. Ezegonkortasun estrategia horren barruan kokatzen ditu Ragik zenbait familiak eta klanek burututako bahiketak, tiroketak, eta bestelako barrabaskeriak. Egun horietan gangster txanodunak jaun eta jabe omen ziren Gazako karriketan. Talde horietako batzuk, Dogmus-tarrak, Allan Johnson BBCko kazetaria bahitu zituztenak, alegia, Dahlan-en gertukotzat identifikatu ditu gure solaskideak.

                 

Orain arte elkarrizketatu dugun jende guztia, Fatahkoak salbu, bat datoz kontu batean, hots, Dahlan CIA-ren gizona zela Gazan. Hamasek Dogmus familia bizi den auzoa inguratu eta bultzatu omen zituen Johnson askatzera eta gaur egun, eta Hamasek boterea eskuratu zuenetik inork ez daki non dagoen Segurtasun Indarretako
burua.

Beste aldetik –jarraitu du Ragik kontaketa- Israelek eta nazioarteko komunitateak hauteskunde legislatiboetako emaitzak onartu ez eta boikot ekonomikoa zein politikoa
ezarri zizkien palestinarrei, Gazako populazioa egoera jasangaitz batera bultzatuz. Nazioarteko delegaritzek, GKEek, komunikabideek eta UNRWAk berak (NBEko errefuxiatuentzako saila) Gaza utzi zuten. Israelek eta AEBek diseinatutako testuinguru honen emaitza, beraz, Ekianaren 10eko Hamasen altxamendua da. Hirurogeita hamabi ordutan, AEBek eta Alemaniak hamalau urtez entrenatutako Segurtasun Indarretako 50.000 lagun mendean hartu zituzten Hamasen miliziek. Hamasek zilegitasun politikoa bazuen ere, triskantza bat bilakatu zuen matxinada, Ragiren ustetan, izan ere, liskar horien emaitzak 158 hildako eta 700 zauritu inguru izan baitziren. Egun, ordea, ez dago gizon txanodun armaturik kaleetan, ez dago klanen borrokarik, jendea gauez ateratzen da, eta atzerriko jendea lasai ibil daiteke karriketan. Segurtasuna, hortaz, nabaria da Hamas agintean dagoenetik.

Ragi Sourani agurtu eta Raid, taxi gidaria, kalean daukagu zain Gazan barneko ibilaldi bat egiteko. Raid tipo berritsua da eta bidea aurrera egin eta konfidantza hartu ahala bere bizitza kontatzen hasi zaigu. Berrogei urte dauzka eta Beit Hanunen bizi da bere emazte eta lau alabekin. Argazkiak eta guzti erakutsi dizkigu. Hemeretzi zituela, lehenengo intifadan espetxeratu zuten. Baina begirada goibeldu zaio familiaz galdetzen jarraitu dugunean.
Duela hiru hilabete israeldarren bonbardaketa batean familiako hamazortzi lagun galdu zituen egun berean, tartean anaia eta anaiaren alabak.

Raiden historiak hunkituta, ixil-ixilik jarraitu dugu bidaia Gazako errepideetan barrena. Bat batean hiribidea batetik bestera zeharkatzen duen pankarta handi batek arreta deitu digu. "Mehatxu gehiagorik ez gure atzerriko bisitari eta gonbidatuei", dio Hamasek sinatutako ohialak. Lasaiago sentitu naiz, babestuago.

               

Rafah-ko azken mohikanoak

                         

Txintik atera gabe, azkenik, Rafah-ra heldu gara. Rafah Egiptorekiko mugaren ondoan dago. Azken urteotan, eta beti bezala segurtasun arrazoiak direla medio, Israelgo armadak milaka etxe birrindu eta bonbardatu ditu Egipto eta Gazaren artean "Filadelfia korridorea" delako segurtasun esparrua sortzeko. Egiptorekiko mugaren ondoko etxeen lehenengo lerroak ikuspegi fantasmagorikoa osatzen du. Pipiek jota dirudite hamaika zuloz jositako etxeek, bertan bera erori beharrean, noizbait etxe izandakoen burnizko hezurdurak hondakin meten artean. Israeldarren buldozzerren suntsipenari eutsi zioten azkenak. Halako batean, leiho batean haize lehorrak astinduta sikatzen den arropa zabalduari erreparatu diogu. Gezurra dirudien arren oraindik ere hor bizia dago, Rafah-ko azken mohikanoak. Raid-ek lagunduta bertakoak ezagutzera joan gara.

Said birrindutako eraikinean bizi diren bi familietako baten burua da. Tea hartzera gonbidatzearekin batera solasean hasi zaigu. Berrogeita bost bat urte izango ditu. Irakaslea da, berez, baina egun, Gazako populazioaren gehiengoa bezala, langabezian dago. Nahikoa lan dauka etxea konpontzen. Familia Yafa-koa da eta 1948an heldu ziren Gazara sionisten sarraskietatik ihesian, gero haien Rafah-ko etxea birrindu zutenean auzokideek leku bat eskaini zieten eraikin honetan eta geroztik Filadelfia korridorearen harresitik berrogeita hamar metro eskasetara bizirauten dute.

Egiptorekiko mugako heziak bi hilabete daramatza itxita. Azken urtean, orotara, bi hilabetez besterik ez dute ireki –azaldu digute mugako kontrolean palestinarren aldea
zaintzen duten gazteek-. Mugaren beste aldean, berriz, sei mila palestinar gelditu dira, inoren eremuetan, Gazara bueltatu ezinik. Batzuk medikuarenera edo erosketetara atera ziren, beste batzuk senitartekoei bisitan, itzulitakoan kaiola itxita topatu zuten. Horietako asko hil dira, noiz sartuko eguzkipean zain zeudelarik. Mugako gazteak Hamasekoak dira. Hasieran mesfidantzaz hartu bagaituzte ere azkenean patxada ederrean bukatu dugu palmondo baten gerizpean tea hartzen eta barre algaraka argazkiak ateratzen. Gezurra dirudi hauek mendebaldeko komunikabideek terroristatzat dauzkatenak izateak.

Iluntzen hasi da eta Gaza City-rako bidean kostaldeko errepidetik ibili gara. Jendea pilatzen da hondartzako txiringitoetan edo itsasertzean paseoan ibiltzen da. Eguzkia sartzen ari da etxe suntsituen hondakinekin eraikitako kai-muturraren atzean. Arratsaldeko bero zaparrada ahaztuta ezagutzen dudan txiringito batean afaltzera gelditzea proposatu dut baina bertaratutakoan guztiz birrinduta aurkitu dugu. Ekaineko liskarren emaitza. Beraz, gure taxistak aholkatuta, beste leku batera joan gara. Hamas, alderdi erligiosoaren botere eskuratzeak sortzen dizkigun kezka eta kontraesanen inguruko eztabaidak alde batera utzi eta egunotako Gazako bizimodu lasaiaz gozatzeari ekin diogu. Arrain parrillada janda eta ur piparen kea lagun eguna agurtu dugu, palestinar askok bezala, kaiolako heziek begiradari atsedena ematen dioten leku bakarrari begira, ekialdeko ortzmugari so, alegia.

Koldo Sagasti. Komite internazionalistak

                     

 
< Anterior   Siguiente >

Arqueología Social

 
Resiste 16
 

Suscríbete

Recibirás un Boletín con nuestras recomendaciones.