|
Esnatu eta segituan korrika batean atera gara ostatutik |
|
|
|
|
Escrito por Koldo
|
|
miércoles, 19 de julio de 2006 |
Nablus 2006-7-19
"… Israelgo armada mukatan sartu da (Palestinako segurtasun indarren egoitza), hiru lagun hil dute eta egoitza suntsitzen ari dira…". Nabluseko mukata, egun, itxura espektral batez desitxuratuta agertzen da okupazio armadak bonbardatu zuelako, hala ere Palestinako segurtasun indarren bulegoak bertan kokatzen dira. Bertara hurbildu gara gertatzen ari zena ikustera eta taxien, kuxkuxeroen eta gazte borrokalarien kaosa topatu dugu.
Sionisten bulldozerrek eta indusmakinek egoitza txiki txiki eginda uzten zuten bitartean, okupazio armadaren tanke eta jeep-ek besteen basakeria babesten zuten. Gazte pilo bat harriak eta molotov koktelak hartuta militarrei oldartzen zitzaizkien eta besteek tiroz erantzuten zioten gazteen matxinadari. Nagusiek, urrundik, eta etsipenez beterik sionisten triskantzari begiratzen zioten etsaiak madarikatuz. Inguruko kaleetan anbulantzien joan etorri eroak gerora jakingo genukena iragartzen zigun. Lau lagun hil eta hogeita hamar zauritu dituzte.
Arratsaldean zaurituetako batzuk bisitatu ditugu ospitalean, balaz zauritutako mutil gazteak denak. Zaintza berezietako gelan hamazazpi urtetako gatzetxo bat hilzorian datza eta ondoko gela bere ama negarrez. Lagun palestinar batek azaldu dio euskaldunak garela eta elkartasun hitz batzuk esan nahi geniola. Zer esan, ordea, semea hilzorian daukan ama bati? nola azaldu amorrua, elkartasuna, etsipena…?. Nork azalduko die Gazan eta libanon eraildako hirurehun lagunetik gorako ameei bere seme-alaben heriotzaren zergatia?
Gaur gauean, berriro ere, tiro hotsak entzungo dira Nabluseko alde zaharreko karrika estu, ilun eta nahasietan. Hiru mila urtetako historia ikusi duen karriken laberinto hau sionisten jazarpenaren lekukoa izango da gauero bezala. Kalashnikovak M16-en kontra oldartuko dira berriro ere, David eta Goliaten kondairaren bertsio balistikoa.
salamat
|