| GORA KOMUNITATEA (ETA BERE AHALMEN ASKATZAILEAK) |
|
|
|
| Escrito por Luis Karlos Garcia | |
| jueves, 15 de febrero de 2007 | |
|
Ez dezagun ez-ikusiarena egin. Azken urteetan Latinoamerikan barrena ibili denak badaki Estatu berri bat sortzeko aldarria oso barreiatuta dagoela gizarte mugimenduetako aktore askorengan; heldulekuak Estatu plurinazionala izan behar duela diote, nahiz eta bestelako dinamikak ere oso ezagunak egin diren azken hamarkada hontan. Baina ez gaitezen inozoak izan: balizko Estatu berri horrek aldaketa sozial sakonak eragiteko muga itzelak izango lituzkeela somatu da han-hemen aurrez. Nondik nora jo, bada? Eztabaida zabalik dago, irakurleak noiz gozatuko zain. Pablo Mamani intelektual aymarak “Estatuak eta gizarteak bat egiteko” aldarrikatu du Zibechiren liburuan bertan. Idazle uruguayarrak planteamendu guztiak laga ditu mahai-gainean, baina ezin dezake zalantza ezkutatu uztartze horren bideragarritasunaz. Antagonismoaren eskema argia da: Estatuak zentralizatzen badu (“zentralizazioaren ondoren, gizarte ekimenen kooptazioa dator”, dio autoreak), mugimenduek boterea sakabanatzeko berezko joera dute (“batu gabeko batasuna lortuz”, Zibechik esaldi bikain batean dioenez). Baina ez hori bakarrik: Estatuak zatikatzen du, eta, mugimenduek, aldiz, loturak sortzen dituzte; Estatuak pribatizatzen duen bitartean, mugimenduek komunitarizatzen dute; Estatuak ordezkaritza politiko elektoralaren nahiz buruzagitzaren dinamikak bultzatzen ditu, eta, mugimenduek, berriz, txandakatutako ordezkarien sistema horizontalak; Estatuak boterearen bilaketan du izaera nagusia, baina mugimendu berriak boterea hartu gabe mundua aldatzeko formulak hobesten hasiak dira nonahi. Teorizazio hori guztia, akaso, jakin bagenekien, aspalditik jakin ere, baina Zibechiren ekarpen politenetako bat da amodio ezinezko horren deskribapena praktikatik egiten digula, Boliviako (eta Ekuadorreko) errealitatearen gainean. Eta, gainera, Boliviari erreparatzen dio arreta osoz, bai, baina hainbat eta hainbat azalpen Argentinako piketeroen auziari, Venezuelako gizarte elkarteen bilbapenari edo Brasilgo MSTren ekimenari ere zuzen aplikatzeko modukoak dira. Izan ere, koiuntura benetan interesgarria dugu aurrean. Pablo Davalosen buru argiak webgune honetan idatzi berri du: “Mugimendu sozialen kinkarik larrienetako bat da, gaur egun, ekimen horien instituzionalizazioa jokoan baita, hau da, beraien porrota eta suntsidura subjektu politikoak bezala”. Lula, Kirchner… Evoren (¿) garaipenaren kostua garesti samarra izan daiteke, beraz. “Kronosek bere seme-alabak jan zituen era berean, Latinoamerikako ezker instituzionalak gizarte mugimenduak irentsi nahi ditu, gobernuon zilegitasunaren iturri diren mugimenduak, hain zuzen”. Zibechik ere, bere liburuan, pasarte finak laga ditu aferari buruz: “Botereari nahiz Estatuari buruzko auzia, gizarte mugimenduetara sartu da beraien hazkundearen ondorio naturala bailitzan, baina, egitan, kanpotik helarazitako leherkailua da”. Hiztegia eskutan Estatua hitza ez da aymaraz. Euskaraz ere ez. Neologismoa bezala onartu dute. Baina hizkuntza biotan badira komunitatea izendatzeko esapide ugari. Horixe baita Zibechiren liburuaren bokazioa: komunitatea nahiz honek indarrean ezartzen dituen dinamikak sendotzea. “Erabakigarriena da mugimendu aymararen ahalmen eskerga gizarte bizitzaren mikroespazioetan oinarritzen dela, hots, komunitateetan ageri diren gizarte harreman sorta horretan”, dio uruguayarrak. Aymaraz, hori bai, pachakutik hitza daukate, eta zenbaitek boterea hartzearekin zerikusi duela uste badute ere, boterea iraultzea esan nahi du; komunitatean abiaturik, nola ez. Hori da gakoa, komunitateak ibili dezakeen ahalmena noraino heldu daitekeen. Ez soilik Latinoamerikan. Baita gurean ere, hementxe, Euskal Herriko lurraldeotan.
|
| < Anterior | Siguiente > |
|---|
Recibirás un Boletín con nuestras recomendaciones.